XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ormaetxebarria jaunak bere emazteari keinu bat egin eta mahaitik altxatu ziren, beren harategietan erositako okela dastatu ere egin gabe.

Osaba Juanitok etxera igoteko agindu zidan.

Ohean sartu nintzen, baina loak ez ninduen hartzen.

Gauerdian sukaldera joan nintzen basobete ur edatera.

Handik osaba-izebek alboko gelan zerabilten eztabaida entzun nuen.

- Ederra egin digu zure lobatxo maiteak!- esaten ari zitzaion osaba izebari.

Gaurkoaz geroztik Ormaetxebarriatarrak ez dira sekula gehiago hemendik azalduko.

Berria hemengo euskaldunen artean zabaltzen bada, lagun guztiek gurera etortzeari utziko diote.

Haiei barkamena eskatzeko agindu behar diozu.

Bestela hemendik bidali beharko dut.

- Ez zaitez horren gogorra izan.

Mutila bolada txarra pasatzen ari da.

Seguru nago orain guztiz damututa dagoela.

Bihar bertan joango da barkamena eskatzera - esaten zion izebak, ni defendituz.

Baina nik ez nuen ezeren damurik eta ez nengoen Ormaetxebarria jaunari barkamena eskatzeko prest.

Aitzitik, berak eskatu behar zidala iruditzen zitzaidan.

Gainera nik ez nuen inoren aginduak zertan obeditu behar.

Ez nintzen Mexikora famili bizimodua egitera joan, neure kontura bizitzera baizik.

Biharamun goizean nire gauzak bildu, osabari likidazioa eskatu, izeba agurtu eta tren geltokira joan nintzen.

Mexico Distrito Federalera joango nintzen.